Posted on

“Perseverance” ibilgailua Martera iritsi da

Euskal Herrian 21:56 zirenean heldu da Jezero kraterrera, bizitza mikroskopikoa aurkitzeko helburuarekin. Lurreratzea arazorik gabe gauzatu du, NASAk jakinarazi duenez.

Jaitsiera burutu eta bost minutura, Perserverance esplorazioa abiatzeko prest zegoen eta lehendabiziko irudiak hartu ditu Marten. “Kaixo mundua. Hau da nire etxea izango denaren lehen begiradan ikusi dudana”, idatzi dute robotaren Twitter kontu ofizialean, Martetik bidalitako lehen argazkia atxikita.

Ibilgailuak sei gurpil, hiru metroko luzera eta 1.025 kilo dauzka. Planeta gorriko geologia eta klima aztertuko ditu, laginak hartuta, bizitza arrastorik topatzeko asmoz.

Lurreratzea gauzatu aurreko zazpi minutuak erabakigarriak izan dira, denbora tarte horretan 20.000 kilometro orduko abiadura murriztu behar izan du, eta aireko garabi baten laguntzarekin, jaitsiera astiro egitea lortu du. NASAko zientzialariek ohartarazi zuten maniobra arriskutsua izango zela, baina dena ongi atera da.

“Persverance” robotaren argazkia.
https://www.space.com/perseverance-rover-mars-2020-mission webgunetik hartuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude